1813: Iruñearen liberazioa. Independentzia Gerraren amaiera - Nafarroako Artxibo Nagusia



Erakusketak
Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak aldi baterako erakusketak antolatzen ditu, zaintzen duen dokumentu-ondare baliotsua zabaldu eta erakusteko.
Kontsultatu agendan momentuan dauden erakusketen datak eta gaiak.
Jarraian, orain arte egindako erakusketak ekarriko ditugu gogora:
1813: Iruñearen liberazioa. Independentzia Gerraren amaiera

Iruña okupazio frantsesetik askatu zutela 200 urte bete direla oroitzeko (1813ko urriaren 31ko gertakaria da hori) antolatu da erakusketa; kronologikoki eta lau ardatz hauen inguruan dago antolatuta: erregimen frantsesak Nafarroan aplikatutako politika hertsatzailea, Independentzia Gerrako protagonistak, gatazkaren garapena eta Iruñearen liberazioa. Planteamendu hori oinarri hartuta, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian gordetako jatorrizko hainbat dokumentu jarri dituzte ikusgai, denak 1808-1813 aldiko gertakariei buruzkoak; besteak beste, Espainiako Karlosen zenbait ofizio; ofizio horietan Espainiako Karlosek Iruñearen kapitulazioaren berri ematen du eta nafarrek inbaditzaile frantsesen aurrean izandako adorea aintzatesten.
Material grafikoari dagokionez, nabarmenena Soraurengo batailaren garapenari buruzko plano zehatz bat da. Bataila hura 1813ko uztailaren amaieran gertatu zen, eta Independentzia Gerrako azken bataila garrantzitsutzat jotzen da; hartan, Wellingtongo dukearen tropa hispano-britainiarrak tropa frantsesen aurka borrokatu ziren. Ikusgai daude, halaber, La Gazette de la Navarreren ale batzuk (Nafarroako idatzizko lehen prentsa), Jose Bonaparteren eta Espoz y Minaren erretratuak, Espoz y Minak Independentzia Gerraren garaian ezarri zuen bolbora-fabrikaren marrazki batzuk eta militar nafarraren bi objektu pertsonal: Londresko Batzorde Espainiarrak oparitu zion ezpata, urrezko zorroduna, eta kanpainan erabili zuen kataloxa. Bi elementu horiek Nafarroako Diputazioak jaso zituen 1872an, militarraren alargunak, Juana de la Vegak, testamentuan hala agindu zuelako. Erakusketara Karlismoaren Museotik eraman dituzte, gaur egun han baitaude jasota.

