You were redirected to http://agn.navarra.es/eu/web/archivo-general-de-navarra/erakusketak/-/asset_publisher/iJTPtY5VEwp6/content/emakumeen-garaia.-aztarna-femeninoak-nafarroako-historian .

Click the following link if you want to dismiss this redirect and access the original URL: Esteka .

Emakumeen garaia. Aztarna femeninoak Nafarroako historian - Nafarroako Artxibo Nagusia

Erakusketak

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak aldi baterako erakusketak antolatzen ditu, zaintzen duen dokumentu-ondare baliotsua zabaldu eta erakusteko.

Kontsultatu agendan momentuan dauden erakusketen datak eta gaiak.

Jarraian, orain arte egindako erakusketak ekarriko ditugu gogora:

Emakumeen garaia. Aztarna femeninoak Nafarroako historian

Erakusketak Nafarroako historiaren errepasoa egiten du, emakume batzuen ibilbidea eta haiei buruzko xehetasunak jasotzen dituzten dokumentuak ardatz gisa hartuta. Ibilbide horietako batzuk harrigarriak dira, eta beste batzuk, pareko garrantzia duten arren, bizitza arrunt eta ohikoak bizi izan zituzten emakumeen ahotsa dira. Edonola ere, emakume horiek guztiek aurrerapauso bat eman eta beren ideiak, jabetzak eta familiak defendatu zituzten. Denboraren poderioz, hain propioa zuten etxeko bizitzatik ateratzen joan ziren, eta artean mugatuak izan zituzten esparruak konkistatu zituzten, gizonekiko berdintasuna aitortzera iristeko bide latzean barrena. Erakusketak ordena kronologikoari jarraitzen dio: Erdi Aroan hasten da, Aro Modernoan jarraitu, eta Aro Garaikidean amaitzen da, II. Errepublikak ekarri zuen lehenbiziko esperientzia demokratikoarekin. Ikuspegi egokiena da kondizio femeninoaren bilakaera ulertzeko, aurrerapen guztiekin eta atzerapausoekin, ez baita prozesu lineala izan.

Lehenbiziko blokea “Erdi Aroko emakumea, argi eta itzal artean” da, emakumeak erlijioaren, ekonomiaren eta kulturaren munduan eta, salbuespen gisa, botere politikoaren gailurrean, erregetzan, agertu ziren garaia. Protagonismoa gizarte-gailurrera goratutako emakumeei dagokie, hala nola zenbait erreginari eta emakume noble eta burgesei, bai eta errege-etxeko zerbitzariei ere. Bigarren blokea, “Emakumea, egunerokotasunaren jabe”, mende modernoetan barneratzen da, arreta jarriz etxeko eremuan, emakume nafarrei gizartean berebiziko garrantzia hartzea ahalbidetu baitzien eremu horrek. “Emantzipaziora bidean” hirugarren eta azken blokea da, eta XIX. mendean ideia liberalen garaipenarekin hasi ziren aukera berriekiko ikuspegi desberdin eta irekia eskaintzen du.

Erakusketak XIII. eta XX. mendeen arteko 61 dokumentu erakusten ditu. Haien artean daude, besteak beste, 1275eko Zuria Artoiskoaren zigilua, Nafarroako Inesek 1391n Biarnoko gorteari erreklamatutako ondasunen inbentarioa, 1343ko Flandina Cruzat burges iruindar aberatsaren testamentua, XV. mendean Zuria Nafarroakoaren gortean zerbitzari gisa jardun zuten nafar nobleen izendapenak, Joanes Leizarragaren Iesus Christ Gure launaren Testamentu Berriaren (Joana Albretekoa erreginak sustatua) ale bat, haren ama Margarita Angulemak idatzitako Heptameron obraren beste bat, Leonor Ayanz Beaumontek idatzitako Vida de Catalina de Cristo (Kristoren Katalinaren Bizitza), indianoek erresuman zeuden beren emazteei bidalitako gutunak, Isabel Labaienek inprimatutako lanen bat, 1834an Pancracia Ollok, Zumalakarregi jeneralaren emazteak, idatzitako gutun bat, 1890ean La Platarako ontziratu ziren emakumezko bidaiarien zerrenda bat, 1922an María Ana Sanzek idatzitako hitzaldi bat, garai hartako gizarteko emakumeei eta Errepublika garaiko zenbait emakume-elkarteren araudiei buruzkoa.

Pie de pagina general