You were redirected to http://agn.navarra.es/eu/web/archivo-general-de-navarra/erakusketak/-/asset_publisher/iJTPtY5VEwp6/content/monumentuak-zaharberritzea.-vianako-printzea-erakundea-1940-1955 .

Click the following link if you want to dismiss this redirect and access the original URL: Esteka .

Monumentuak zaharberritzea. Vianako Printzea Erakundea, 1940-1955 - Nafarroako Artxibo Nagusia

Erakusketak

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak aldi baterako erakusketak antolatzen ditu, zaintzen duen dokumentu-ondare baliotsua zabaldu eta erakusteko.

Kontsultatu agendan momentuan dauden erakusketen datak eta gaiak.

Jarraian, orain arte egindako erakusketak ekarriko ditugu gogora:

Monumentuak zaharberritzea. Vianako Printzea Erakundea, 1940-1955

 

  • Komisarioa: Mª Rosario Lazcano Martínez de Morentin.
  • Prentsa-oharra: ikusi hemen.
  • Bisitak: 3.531 bisita.

 

Portada

Erakusketak Vianako Printzea Erakundearen lehenbiziko hamabost urteetan, 1940 eta 1955 artean, desagertu ez zitezen zaharberritu ziren Nafarroako 24 monumenturen argazkiak jasotzen ditu. Haietako batzuk, Leireko monasterioa, Olivakoa, Irantzukoa eta Iratxekoa kasurako, monasterioak dira, eraikin konplexuak eta asko bisitatzen direnak, non Nafarroako Gobernuak urtero diru mordoa inbertitzen jarraitzen duen. Erakusketa honek asmo bikoitza du: batetik, Vianako Printzea Erakundearen funts fotografikoa jakitera ematea, eta, bestetik, Vianako Printzea Erakundearen jaiotzan eta hazkundean parte hartu zuten guztiak omentzea; izan ere, egin zuten lana Zaharberritzearen Sari Nazionalaren bidez aitortu zen bi aldiz.


1940an, ondarea defendatzeko, kontserbatzeko eta zaharberritzeko konpetentziak laga zituen Espainiako Gobernuak. Orduan, Vianako Printzea Erakundeak Ondare Artistikoaren eta Zaharberritzearen Zerbitzua abian jarri zuen, zeina José Yárnoz Larrosak zuzendu baitzuen 1966 arte. Erakundea Historiaren eta Arte Ederren Errege Akademietako akademiko osoz, akademiko urgazlez eta ohorezko akademikoz osatuta zegoen. Erakusketa honek hartzen duen tartean, erakundeko presidente izan ziren Tomás Domínguez de Arévalo (1940-1948), José María Arellano Igea (1949-1952) eta Félix Huarte Goñi (1952-1964). Erabakigarria izan zen, halaber, idazkarien eginkizuna: José María Lacarra y de Miguel izan zen idazkaria 1940 eta 1944 bitartean, eta José Esteban Uranga Galdiano 1944 eta 1973 bitartean. Hura izan zen azken idazkaria eta lehenbiziko zuzendaria, baita Indusketa Arkeologikoen komisario probintziala eta Arte Ederretako delegatua ere. 1946an, erakundeak San Fernando Errege Akademiaren Ohorezko Domina eskuratu zuen Arte Ederren alde egindako lanarengatik.


Vianako Printzea Erakundea Nafarroako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordearen oinordekoa da, zeina, gainerako Monumentuen Batzordeen moduan, 1844an sortu baitzen Isabel II.aren erreginaldian, Frantziako Batzordeak imitatuz. Halaber, Monumentuen Batzordearen oinordekoa da argazkigintza lan-tresna gisa erabiltzeari dagokionez; funtsezkoa izan zen haren xedeak betetze aldera. Teknika horri esker era sistematikoan dokumentatzen dira aurretiko egoera, esku-hartzearen faseak eta gauzatutako jarduketa bakoitzaren behin betiko emaitza.

Pie de pagina general