Pablo Sarasate - Alberto Huarte: adiskidetasun baten testigantzak - Nafarroako Artxibo Nagusia



Erakusketak
Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak aldi baterako erakusketak antolatzen ditu, zaintzen duen dokumentu-ondare baliotsua zabaldu eta erakusteko.
Kontsultatu agendan momentuan dauden erakusketen datak eta gaiak.
Jarraian, orain arte egindako erakusketak ekarriko ditugu gogora:
Pablo Sarasate - Alberto Huarte: adiskidetasun baten testigantzak
- Komisarioa: Luis Garbayo Erviti.
- Prentsa-oharra: ikusi hemen.
- Bideoa: ikusi hemen.
- Bisitak: 5.036 bisita.

Erakusketak arreta berezia ematen die Pablo Sarasateren bizitzako azken sei urteei (1902tik 1908ra); aldi horretan, Alberto Huarte, Santa Zezilia Orkestrako presidentea, Sarasateren eta Orkestraren arteko lotura zinez garrantzitsua izan zen. Harreman profesional horrek lagunarteko harremana ekarri zuen, eta harreman hori Otto Goldschmidt idazkari eta piano-jolearengana, haren emazte Berthe Marx piano-jolearengana eta haien alaba Bertiliarengana ere zabaldu zen. Harreman horren adibide gisa, Sarasatek eta Goldschmidtek Alberto Huarteri kontzertuak eman zituzten Europako zenbait hiritatik bidali zizkieten gutunak, postalak eta argazkiak biltzen dira, baita Huartek Goldschmidti idatzi zizkionak ere.
Erakusketa Huarte-Solchaga familiak dohaintza gisa emandako dokumentazio musikalez osatzen da. Belaunaldiz belaunaldi Iruñeko Kale Nagusiko etxean gordeta eduki zuten; hain zuzen ere, Huarte Eskola zaharraren egoitzan. Erakusmahaiak gaika banatzen dira, eta gai hauek dituzte ardatz, besteak beste: Alberto Huarte, Pablo Sarasate, Santa Zezilia Orkestra, Iruña hiriaren eta Sarasateren arteko lotura, sanferminetako kontzertuak, "Villa Navarra” (Sarasatek Biarritzen zuen egoitza), Goldschmidt familiarekin zuen harremana eta Pablo Sarasatek eta Berthe Marxek Europako zenbait hiritan (Viena, Stuttgart, Bremen, Genoa, Praga, Paris, etab.) emandako errezitaldiak. Pieza aipagarrienen artean, Pablo Sarasateren erretratuez, argazkiez eta eskutitz autografoez gainera, laguna zuen Salustiano Asenjo margolariak egindako Pablo Sarasateren karikaturen liburuxka bat dago.
Erakusketak erakusten du nola, bi urte eta erdi besterik ez zuenean Pablo Sarasatek familiarekin Iruñetik alde egin zuen arren, bere jaioterriarekin familia- eta afektibitate-loturak izaten jarraitu zuen bizitza guztian. Pablo Sarasatek (1844-1908) 1872ko uztailean jo zuen lehenbiziko aldiz Iruñean jendaurreko kontzertu batean, Ameriketara egin zuen lehen bidaiatik bueltan. Baina Iruñearekiko harreman estuagoa izan zuen 1879. urteaz geroztik. Izan ere, Santa Zezilia Kontzertu eta Elkar Laguntza Elkartea sortu zen urte hartan, eta lotura izan zuen beti elkarte horrekin. Urte hartan, Goizeko Kontzertu Handien saila hasi zen sanferminetan. Hiru edo lau kontzertu sinfoniko izaten dira eta, zezenekin batera, jai horietako erakargarri handienetako bat izatera iritsi dira.

