You were redirected to http://agn.navarra.es/eu/web/archivo-general-de-navarra/erakusketak/-/asset_publisher/iJTPtY5VEwp6/content/romanz.-en-lengoage-de-navarra .

Click the following link if you want to dismiss this redirect and access the original URL: Esteka .

Romanz. En lengoage de Navarra - Nafarroako Artxibo Nagusia

Erakusketak

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak aldi baterako erakusketak antolatzen ditu, zaintzen duen dokumentu-ondare baliotsua zabaldu eta erakusteko.

Kontsultatu agendan momentuan dauden erakusketen datak eta gaiak.

Jarraian, orain arte egindako erakusketak ekarriko ditugu gogora:

Romanz. En lengoage de Navarra

  • Komisarioak: Fermín Miranda García, Cristina Tabernero Sala.
  • Prentsa-oharra: ikusi hemen.

Erakusketak agerian uzten du zer garrantzia izan zuen Nafarroan Erdi Aroan hitz egiten zen nafar erromantzeak, eta latinetik eratorritako hizkuntza horren bilakaera aztertzen du, idatzizko lehen lekukoetatik hasi eta Nafarroako monarkiaren eta administrazioaren hizkuntza "ofiziala" bihurtu zen arte esparru guztietan (lurraldekoa, judiziala eta fiskala). Euskararekin, burguetako okzitanierarekin eta aljametako hebreerarekin eta arabierarekin partekatutako testuinguru eleaniztun hartan, nafar erromantzeak bultzada handia izan zuen zenbait esparrutan, hala nola notariotzan eta udalerrietan, eta gizarte-talde guztiek partekatu zuten, bai nobleziak bai nekazariek. Garai hartako testuek hizkuntza hori jada garrantzitsua zela aldarrikatzen zuten, eta honela deitzen zioten: "lengoage de Navarra" "Nafarroako hizkuntza (ydiomate Navarre)", "Nafarroako lurraldeko hizkuntza (ydiomate Navarre terre)", edo zuzenean "romanz" edo erromantzea. Erakusketak, halaber, hizkuntza horren ezaugarri soziolinguistikoetan sakontzen du: latinean dituen sustraiak, lurraldean izan zuen hedadura, idazketan gailendu izana eta nafarren hizkeran izan zuen bilakaera, harik eta Erdi Aroaren bukaeran eta Aro Modernoaren hasieran gaztelaniarekin uztartu zen arte. Orobat, gure eguneroko hizkeran mantendu diren hitz eta esapideak erakusten ditu.

Erakusketaren azalpena hiru multzotan banatzen da. Lehenengoan, "Nahasmendu-garaietan" izenburupean, latin klasikotik ezberdintzen hasia zen hizkuntza baten lehen pausuak aztertzen dira. Bigarren multzoan, "Noren hizkuntza?" titulupean, hiztunei erreparatzen zaie eta frogatzen da nafar erromantzea ohikoa bilakatu zela gizartearen eremu guztietan.  Hirugarren multzoan, "Hizkuntza, zertarako?" izenekoan, erromantzeak izan zituen erabilerak identifikatzen dira; izan ere, hizkuntza horrek Erdi Aroko Nafarroako gizartearen komunikazio-behar guztiak bete zituen.  "Nafarroako lurraldeko hizkuntza" administrazioaren, kulturaren eta kudeaketa pribatuen eremu guztietara hedatu zen, eta ia denetarako erabili zen: kontabilizatzeko (errenten erregistroak, erroldak, kontu-liburuak, zerrendatzeak, "suak" edo familiak), narrazioetarako (testu historikoak, poemak), errezatzeko (dotrina eta sermoietan), oinordetzak eta dohaintzak egiteko (testamentuetan eta ondasunen xedapenetan), lehenagoko dokumentuak bildu eta erromantzera itzultzeko (behi-larruzko liburu, kartulario eta erregistroetan), zin egiteko, itunak idazteko eta negoziatzeko (Koroaren eta Erreinuaren artean, Nafarroako errege-erreginek nafar erromantzez egiten zuten errege-zina).

Exposición: Romanz. En lengoage de Navarra

Erakusketan, ikusgai daude XI. mendetik XV. mendera bitartean hizkuntza horretan idatzitako Nafarroako Erreinuko dokumentu bereziak. Horiei esker, hizkuntza horren ibilbide historiko, sozial eta linguistikoa marraztu dezakegu eta, aldi berean, gaur egun erabat ezezaguna den Nafarroako Erdi Aroko gizartearen alderdi bat ezagutarazi. Zehazki, Nafarroako eta Espainiako zenbait artxibotan gordetzen diren 52 dokumentu dira. Horietatik 36 Nafarroako Errege Artxibo Nagusikoak dira, eta zorrotz hautatu dira, artxiboan gordetzen diren eta hizkuntza horretan idatzita dauden Erdi Aroko 60.000 dokumentu baino gehiagoren artetik. Gainerakoak beste erakunde batzuetatik ekarri dira: hiru, Artxibo Historiko Nazionaletik; bat, Zaragozako Unibertsitateko Liburutegitik; bost, Iruñeko Katedraleko Artxibo eta Liburutegitik; bat, Orreagako Errege Kolegiatako Artxibotik; bi, Tuterako Eliz Artxiboetatik; bat, Tuterako Udal Artxibotik; bi, Erriberriko Udal Artxibotik; eta bat, Genevillako Udal Artxibotik. Horien guztien artetik nabarmentzen da Errege-erreginen belaunaldien eta leinuen liburua, "Liber Regum" izenekoa, Espainian erromantzez idatzitako lehen kronikatzat jotzen dena eta, hain zuzen ere, nafar-aragoiera hizkuntza erromantzean idatzita dagoena. Aipatzekoa da "Orreagako kantua" ere, zeinak nafar hizkuntzan interpretatzen baitu gai karolingioko poema epiko handia. Ikusgai daude orobat: Nafarroako Foru Orokorra, Erreinuko kodex juridiko nagusia dena; Nafarroan gorde den lehen notario-protokoloa, Tuterako notario Martín Garcés don Costal-ena; eta Nafarroako Erreinuko Comptos Ganberaren 1280ko erregistroa, bere generoan bakarra den dokumentu-sail horretako lehenengo liburukietako bat, alegia. Nafarroako monarkiaren kartulario handiak ere erakusten dira, hala nola Tibalt II.aren kartularioa, Karlos III.aren Kartulario Handia, baita elizari lotutako piezak ere, besteak beste, XIII. mendeko Fiteroko kartularioa, Irantzuko 1257ko "Liburu Gorria" edo Barbazan apezpikuaren katixima, bai eta kronika- eta narrazio-testuak ere, hala nola Vianako printzearen Nafarroako Erregeen Kronika, XV. mendekoa, eta "Complaynna que de sí face Navarra" edo Nafarroaren lanturua, agaramontarren eta beaumontarren leinuen arteko borroken garaian idatzia. Nafarroako erregeen xedapenei dagokienez, hor ditugu Antso VII.a Azkarraren eta Jakue I.a Konkistatzailearen arteko 1231ko umeordetze-akta, Tibalt II.ak Iruñeko Katedralean foruei egindako zinaren akta, eta Filipe II.a Luzeak Parisen egindakoarena. Nafarroako nobleek Koroari egindako leialtasun-zinak, 1299ko infantzoien batzarren akordioa, eta Garesko 1328ko hiri onen akordioa, zeinak erreklamatzen baitzuen Joana II.aren eta Filipe III.a Evreuxkoaren tronurako oinordetza, baita 1329an Iruñeko katedralean bi horiek errege-erregina aldarrikatzen zituen akta ere. Urte berekoa da Erriberriko Gorteen 1329ko akta ere, koroaren oinordetzari buruzkoa; haren jatorrizko dokumentuak frantsesez eta nafar erromantzez idatzi ziren, errege-erregina berriek uler zezaten.

Pie de pagina general