Harrizko zaindariak. Nafarroako gazteluen iragana eta oraina - Nafarroako Artxibo Nagusia



Erakusketak
Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak aldi baterako erakusketak antolatzen ditu, zaintzen duen dokumentu-ondare baliotsua zabaldu eta erakusteko.
Kontsultatu agendan momentuan dauden erakusketen datak eta gaiak.
Jarraian, orain arte egindako erakusketak ekarriko ditugu gogora:
Harrizko zaindariak. Nafarroako gazteluen iragana eta oraina
- Komisarioak: Juan José Martinena Ruiz, Jesús García Gazólaz eta Jesús Sesma Sesma.
- Prentsa-oharra: ikusi hemen.
- Bisitak: 8.386 bisita.
- Gazteluen bideo panoramikoa: ikusi hemen.
- Katalogoa: deskargatu bertsio digitala edo erosi hemen bertsio fisikoa.

Nafarroako gazteluak agertoki nagusitzat izan zituzten eta Nafarroarentzat garrantzi handia izan zuten gertaera historikoen bosgarren mendeurrenean egindako erakusketa: Iruñeko eta Amaiurko gotorlekuak hartu eta berreskuratzea, 1521ean eta 1522an, eta erresumaren defentsa-sistema erortzea, Erdi Aroko gaztelu asko eraitsi ondotik.
Erakusketa Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuarekin lankidetzan antolatu da; diziplina anitzeko ikuspegia du, eta bi eremutan banatzen da. Lehenbizikoan, Erdi Aroko Nafarroako gazteluak, haien eraikuntza, ezaugarriak eta bizimoduak aztertzen dira, eta bigarrenean, berriz, haien azken gorabeherak eta gaur egungo arkeologia, ikerketa eta dibulgazio-prozesua erakusten dira. Aztertutako gai guztiek irakurketa bikoitza eskaintzen dute, bi iturri historiko motaren konbinazioari esker: artxiboko dokumentuak eta pieza arkeologikoak, guztiak Nafarroako Gobernuaren kultura-ekipamenduetatik ekarriak, hala nola Nafarroako Errege Artxibo Nagusitik eta Arkeologia Biltegitik.
Ondare baliotsu horren zaintzari esker, XII. eta XIX. mendeen bitarteko 25 dokumentu erakusten dira, tartean pieza bereziak, hala nola Nafarroako Foru Orokorra, Xabierko gazteluaren aldeko omenezko auzia edo Iruñeko gazteluan egindako justa eta torneoen berriak. Arkeologoari dagokionez, ehun piezatik gora erakusten dira. Haien artean, nabarmenenak dira Tebasko gaztelutik ateratako mentsula bat, giza buruaren forma duena, Erriberriko gazteluko lorategiko iturriko azuleju bat, Karlos III.a Noblearen dibisa errealekin, Arradako desolatuko tina bat eta Amaiurko gazteluko ur-tanketik ateratako zurezko kubo bat. Erakusketaren beste erakargarrietako bat Lizarrako Gaztelu Nagusiko maketa handia da, Estellerriko Ikasketa Zentroak erakusketarako berariaz utzia. 2016. urtean inauguratu zen, eta, azterketa historiko eta arkeologikoetan oinarrituta, XIII. mendeko Lizarrako gaztelu nagusi osoa erreproduzitzen du.

