Konkistako dokumentuak - Nafarroako Artxibo Nagusia



Erakusketak
Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak aldi baterako erakusketak antolatzen ditu, zaintzen duen dokumentu-ondare baliotsua zabaldu eta erakusteko.
Kontsultatu agendan momentuan dauden erakusketen datak eta gaiak.
Jarraian, orain arte egindako erakusketak ekarriko ditugu gogora:
Konkistako dokumentuak

1512ko Nafarroako konkistari buruzko 65 dokumentu garrantzitsuenak biltzen dira erakusketa birtual honetan. Dokumentuak kronologikoki aurkezten dira webgune batean, sei gaitan banatuta, gertakarien hariari jarraitzen laguntzeko: prestakuntzak, inbasioa, kapitulazioak, kontraeraso frantses-nafarra, obedientzia eta azkenik Nafarroako Gorteen eta Fernando Katolikoa errege berriaren arteko zina. Gutxi gorabehera urtebeteko kronologia-aldia barne hartzen du, 1512ko ekainetik 1513ko ekainera arte.
Erakusketa hau prestatzeko, Nafarroako, Espainiako eta atzerriko artxiboetan zeuden pieza dokumental garrantzitsuenak hautatu dira: Nafarroako Errege Artxibo Nagusia, Historiako Errege Akademia (Madril), Simancasko Artxibo Nagusia, Artxibo Historiko Nazionala (Madril), Nobleziaren Artxibo Historikoa (Toledo) eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Artxiboa (Paue), Iruñeko Udal Artxiboa eta Tuterako Udal Artxiboa. Orain arte dokumentuak ez dira batera bildu eta aurkeztu, eta are gutxiago webgune baten bidez: horrek ikertzaileen kontsultarako lanak erraztuko ditu, eta iturri primarioak ikusten ahalko dira, 1512an gertatukoa hobeki ezagutzeko. Modu horretan, gizarteak gertakari horietan sakontzeko egiten duen eskaerari erantzuna ematen zaio, eta eztabaida sor dadin laguntzen da.
Konkistako ezinbesteko dokumentuak ageri dira erakusketan. Hona hemen garrantzitsuenak: Bloisko tratatua (1512ko uztailaren 18a), Pauen jasoa; Julio II.aren buldak (1512ko uztailaren 21a eta 1513ko otsailaren 18a), Simancasen gordeak; Iruñeko kapitulazioak (1512ko uztailaren 24a), Simancasen jasoak; Joan III.aren errendizioa (1512ko uztailaren 29a), Simancasen gordea; Fernando Katolikoaren ultimatuma (1512ko uztailaren 31), Pauen gordea; Nafarroako mariskalak Fernando Katolikoari egindako leialtasun-zina (1512ko abuztuaren 31), Simancasen gordea; Erriberrik, Tafallak eta Miranda-Argak Fernando Katolikoari egindako zina (1512ko irailaren 21a), Simancasen jasoa; eta Fernando Katolikoaren zina (1513ko ekainaren 12), Iruñean jasoa.

