Konstituzioa edo heriotza! Liberalismoa eta liberalak Nafarroan. 1812-1876 - Nafarroako Artxibo Nagusia

Erakusketak

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak aldi baterako erakusketak antolatzen ditu, zaintzen duen dokumentu-ondare baliotsua zabaldu eta erakusteko.

Kontsultatu agendan momentuan dauden erakusketen datak eta gaiak.

Jarraian, orain arte egindako erakusketak ekarriko ditugu gogora:

Konstituzioa edo heriotza! Liberalismoa eta liberalak Nafarroan. 1812-1876


Hirurteko Liberala (1820-1823) amaitu zeneko berrehungarren urteurrena ospatzeko egin da erakusketa. Nafarroan XIX. mendean ideia liberalak nola sartu ziren eta ideologia horrek gizaldi horretan gure lurralde kontserbadorean izan zuen zeresana sakontzen dira hartan. Erakusketa kronologikoki antolatu da, liberalismoak XIX. mendean Espainian eta orobat Nafarroan izan zuen bilakaera erakusten duten aldi politikoen bidez: Independentzia Gerran (1808-1814) hasten da (orduan sartu zen liberalismoa), eta tradizionalismo karlista menderatu zutenean amaitu, hirugarren gerra karlistaren bukaeran (1876).

Lehenengo blokea “Frantsesen okupaziotik 1812an Konstituzioa berrezarri arte (1808-1820)” da, eta absolutismoaren aurka aritu ziren lehen nafarrak ekartzen ditu gogora; haietako batzuk “frantsestuak” ziren, eta beste batzuk, berriz, Cadizko 1812ko Konstituzioaren aldekoak.

Bigarren blokeak barne hartzen ditu “Hirurteko Konstituzionala eta Hamarkada Absolutista (1820-1833)”. Ikusten da herriak erregimen konstituzionalari eman zion babesa, askotariko sektoreetatik, gainera: nekazariak, talde zibil armatuak, absolutismoaren aurkako boluntarioak eta Cadizen “askatasuna, berdintasuna, konstituzioa” lemapean onetsitako lege berdinzaleen jarraitzaileak.  

Portada

Hirugarren blokea “Lehen gerra karlista (1833-1839) eta 1841eko Foruak Aldatzeko Legea” da. Nafarroarako zoritxarrekoa izan zen aldi hau: herria odolustu zuen gerra-garaia eta erresuma-izaera behin betiko galtzea. “1841ko Legetik 1868ko iraultzara” da laugarren blokea, eta liberal moderatuen eta progresisten arteko haustura erakusten du. Bosgarren blokeak ixten du ibilbide kronologikoa: “Seiurteko Demokratikoa (1868-1874) eta azken gerra karlista (1872-1876)”. Seigarren blokea da azkena: “Emakume liberalak gerra zibiletan”; erregimen liberalarekin konprometituta egon ziren, eta iraun zuen bitartean defendatu zuten, Espainiako gainerako tokietan bezala.

XIX. mendeko 78 dokumentu erakusten dira erakusketan, gehienak inprimakiak: bandoak, aldarriak, xedapenak eta aldizkako argitalpenak. Dokumentu garrantzitsuak daude; besteak beste, Jose Bonaparte 1808an Espainiako errege izendatzeko egindako dokumentua, Zumalakarregik liberalei Alesbesen egin zien errepresioa deskribatzen duen parte militarra, Nafarroako erakundeetako hitzaldiak (adibidez, Iruñeko eta Otsagabiko udalenak eta Nafarroako Diputazioarenak, herritarrak Konstituzioa betetzera animatzeko eginak), Nafarroako herri ugaritako miliziano liberalen zerrendak, Emilio Castelar Espainiako Errepublikako presidenteak (1873) sinatutako gutun bat, Guardia Foralaren sorrera-dokumentua (1873) eta emakumeek gatazketan jasandako kalteen ordaina jasotzeko egindako eskaerak.

Pie de pagina general